XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina denboraren gurpila ez da geldi egon zalea eta Andere Halabeharrak atzera eragin gabe, aurrera eragiteko premiaz hitz egin dit.

Hori ametsen mundura igarotzea dela esan diot nik ametsak norberarenak direla eta sarri askotan ez dutela zer ikusi handirik gehiengoaren ametsekin.

Ez direla betetzen errazak alegia.

Ausartzeko hala ere, esan dit, ez beldurrik izateko etor daitekenari, inori ez diola kalterik egiten amets oturuntza batek, okitzen bada ere bat ametsez.

Esaneko eta umil, aurrera eragin diot gurpilari.

Hala ere, etorkizunerako Donostiari buruz idaztean, ez dut maiteminduaren ikuspegia hartu nahi.

Arbuio ditut maiteminduak, halakoetan. Axular Urdazubitarrak idatzia zuen aspaldi batean:

Presuna amurusak eztakusa, eztaki zer ari den: (...) eztu nahi bertze gauzaz nehor mintza ere dakion. Itsu da, erho da, zentzutik kanpoan da.

Donostiaren amurusak ez du ezer okerrik ikusten bere hirian.

Gauza hoberenak ikusten ditu bakarrik, eta txarrak edertzen zinez da iaioa.

Gaitz horren izen zientifikoa donostiarrismoa da (kontuz, ez dut donostiartasunik aipatzen).

Ismo horiek guztiak dira arbuiagarri.

Baina ez batzuk uste dutenanen kontra donostiarrismoa soilik.

Badira goierritarrismoa eta tolosarrismoa ere donostiarrismoa bezain arbuiagarri direnak.

Gaitz horiek guztiak jatorrismoa deitu gaitzaren adarrak dira, eta amankomunean dute zilegi bekit gordin esatea, zimaur kiratsa.

Donostiar jatorra ezindua dago Saturdiko ermitatik ageri den ikuspegiaz gozatzeko, eztakusa, itsu da, erho da.

Edo Parisko kaleetan barrena doalarik Donostiarekin gogoratuko da, Donostia handi bat ematen du Parisek pentsatu eta, are, esan ere egingo du, eta deskuidatuz gero, danborrada jotzen hasiko da Boulevard Saint-Michelen gora eta behera.

Lisboa berriz zaharra irudituko zaio.

Alde ederra, noski, Donostiarekin!

Atseginago zait Pio Barojaren donostiar izateko era heterodoxoa.

Eta badut beste gauza bat D. Piorekin lotzen nauena.

Gipuzkoartasuna.

Ezer baino lehen gipuzkoarra sentitzen zen hura.

Eta etorkizuneko Donostia Gipuzkoarekin, probintziarekin, lotua ikusten dut, edo gainerantzean, ez da izango etorkizun onik.

Beharbada, familiak ere lagunduko du horretarako, belaunaldi bat atzera jotzea nahikoa baita nire kasuan, Donostiatik atera eta probintziara joateko.

Eta, oinarri-oinarrian, horregatik Tolosarra ere sentitzen dut neure burua, Euskadi Plazan zegoen Otsaraingo errotarri haren herkidea.

Baina zenbat dago Donostian nire kasu berean edo antzekoan?

Gipuzkoarrek ikasi beharko lukete donostiarren tradizio liberaletik zerbait, eta alderantziz, donostiarrek badute non behatu oso urruti joan gabe.

Inoiz maitemindu gabe, ordea.

Maitearen ona besterik ez dakusanari Rimbaud-en Vénus Anadyomène-arekin gertatzen zaiguna gerta baitakioke.

Ikasi beharko genuke, bestalde, gida liburuetatik aldentzen.

Aurkeztu nahi zaigun Donostia bazterrean uzten, denik ederrena bada ere, eta bakoitzak berea egitera entseiatu beharko genuke.

Ikasi beharko genuke gure bihotz-begietako argazki makina martxan jartzen.

Enkuadre zailak, inoiz ikusi gabeak ikusten.

Bada Donostian barrena eta edozein hiritan barrena, bide batez esanda, basora joan eta surtarako egurra besterik ikusten ez duenaren jarreraz ibiltzen denik.

Eta, beharbada, ikasi beharko genuke Urkizuko edo Lasturko edo Urdanetako baserritarraren begiz gauzak ikusten.

Haiek ez dute zuhaitzik ikusten, haiek urkiak edo pagoak edo astigarrak ikusten dituzte.

Beren terrenoek izenak dauzkate eta halakotzat ezagutzen dituzte.

Ez zaie, konparazio baterako, okurritu ere egiten belaze bat Bakea izenez bataia daitekenik.

Bi leiho eta farola bat izan daiteke gozagarrietan gozagarriena, begi artatsuz erreparatuz gero.

Edo tamaritzaren enbor bihurri bat, enbataren bezperatan.

Alferrik dira inon diren marco incomparable guztiak begiratzen den bakoitzean bi mendi, irla bat, ur asko eta hondar puxka bat ikusten duenarentzat.

Bada itsasoa aipatu eta, bere baitarako, hondartza eguzkitsu jendez betea irudikatzen duenik...

Eta norberak bere Donostia osatzeko ahalegin horretan trebatu nahi duenaretzat, lagungarri izango zaio Schommer-en begi arretatsua.

Haren argazkiak ikusi eta, ez zaio handik hara Donostia bera irudituko.

Ezberdin begiratuko die tamaritzen enborrei, Santa Mariaren atariari, Igeldoko faroari...

Etorkizuneko Donostia irudikatzera jarrita, ez dut beren buruak aristokratatzat jo eta, Donostia aristokrata bat nahi dutenen asmoan parte hartu nahi.

Donostia dotore bat ikusten ari naiz.

Hori bai.

Elegantea.

Baina ez bakarrik Mata-Hari-ren dotoretasuna, ordea, kasinoko terrazan eserita, edo María Cristina erreginarena, Hernani kalean barrena paseatzen.

Bretxako sardin saltzaileen elegantzia ikusten dut.

Igeldoko baserritarrena.

Buzo urdinarekin Manterola kaleko izkinan dagoen gizonanena.

Galiziatik edo Cazerestik datorren etorkinarena, bere herria gogoratzean saudadea sentitu eta kantari hasten direnena.

Easo Plazako taberna zuloan, halabeharrez aurkitzen duzun mozkorraren dotoretasuna; alboan eseri eta, gerra aurreko Osasun kalean zeuden prostibulo guztiei buruz hizketan hasten zaizunean, eta aldian-aldian erantzunik gabeko galdera urduriak luzatzen dizkizularik:

Presa duk?

ez, ezta?

Ez dut bakarrik kaxko-kaxkoko Donostia ikusten (...).